Ba al dakizu zer diren? Zein ezberdintasun dagoen haien artean?

Mikroplastikoak, hasieratik horrela sortutako tamaina txikiko plastiko zatiak izan daitezke (mikroplastiko primarioak) edo denboraren poderioz eta degradazioagatik, handiagoak ziren plastiko objektuak, poliki-poliki zati txikitan zatitzen joan direnak (mikroplastiko sekundarioak). Bestalde, nanoplastikoak hondakin mikroplastikoak zatikatzean sor daitezke edo ingenieritza-materialetatik abiatuta (elektronikatik, kableen estalduretatik edo txipetatik adibidez).

Mikroplastikoak, 0,5 mm baino txikiagoko plastiko zatiei deitzen diegu eta 100 nm (0,000001 mm neurtzen ditu nanometro batek) baino txikiagokoei, nanoplastikoak. Dena den, nahiz tamaina oso txikikoak izan, egin diren ikerketen arabera, nanoplastikoak mikroplastikoak baino askoz ere aktiboagoak izan daitezke toxikologikoki: ezaugarri fisiko sarkorragoak baitituzte.

Halere, oso gutxi dakigu oraindik epe laburrean edo luzean nola eragiten dioten zehazki giza gorputzari polimero sintetiko hauek; baina nolanahi ere giza organoetan geratzen direla baieztatu zuen 2020 urteko abuztuan, Kimikako Elkarte Amerikarraren (ACS) kongresu birtualean aurkeztutako ikerketak. Izan ere, aurreko ikerketek frogatua zuten plastikoa traktu gastrointestinaletik pasa daitekeela baina azterketa gutxik ikertu dute giza gorputzean sartu ondoren, bertan geratzen ote den. Aurkikuntza hau garrantzitsua da oso, “…leku guztietan dauden material ez-biodegradagarri hauek giza ehunetan sartu eta pilatu daitezkeelako, eta ez dakizkigu osasunerako izan ditzaketen ondorioak”.

Jakin badakiguna da ingurumenari nola eragiten dioten: CSIRO Australiako Zientzia Agentzia Nazionalak, itsas hondoko mikroplastikoen munduko lehen estimazioaren emaitza argitaratu zuen 2020 amaieran, itsas sakonean 14 milioi tona zeudela ondorioztatuz. Eta gauza jakina da, basa-bizitzan eta animalietan partikula xehe horiek hantura, minbizia eta ugalkortasun-arazoak sortarazten dituztela.

Eta nola iristen dira gure gorputzera?

Mikroplastiko eta nanoplastikoak airea, ura eta elikagaien bitartez iristen dira giza gorputzera, itsas animaliek kontsumitu ondoren gure elikadura-katean sartzen baitira. Finlandiako Ekialdeko Unibertsitateak berriki egin duen ikerketa batek, landareek ere xurgatzen dituztela frogatu du eta honek kezka areagotu du; elikadura-sistemaren bidez, uste baino mikroplastiko gehiago kontsumitzen ditugulako.

Bestalde, zainketa pertsonaleko produktuek eta kosmetikoek orohar, mikroplastikoak dituzte ere haien osagaietan. 2012an ekin zion Beat The Microbead Kanpainak, Europako kosmetikoen azterketa zabala egin ondoren, 10etik 9 kosmetikok mikroplastikoak zituztela ondorioztatu zuen. 

Zerrenda zinez luzea da eta ez da erraza mikroplastiko denen izenekin gogoratzea. Horregatik Beat the Microbead izeneko aplikazioa oso lagungarri gerta daiteke, produktua eskaneatu eta mikroplastikorik ote duen erraz jakin dezagulako. Kanpainaren helburua, kosmetikoen industriak merkaturatzen dituen produktuen ingurumen-segurtasuna eta giza osasuna bermatzea da. 

Izan ere, gu ikusteko gai ez garen arren, mikroplastikoak gure komuneko isurbidetik drainatze-sistemara doaz sarri. Baina hondakin-ura tratatzeko instalazioak, ez daude haiek iragazteko diseinatuta. Poliki-poliki gure ozeanoetan “plastiko-zopa” osatuz doaz, kutsadura itzulezina bihurtuz. Mikroplastikoak ez dira biodegradagarriak, eta beraz itsas-ingurunean sartzen direnean, ezin dira ezabatu.

Europar Batasunak nahita gehitutako esfoliatzaile funtziodun mikroplastikoak debekatu nahi dituen arren (mikroesferak izenekoak), gainerakoak oraindik ere gure produktuetan erabil daitezke. Mikroesferak, gure kosmetikoen osagai zerrendan, Polyethylene (PE), Polymethyl Methacrylate (PMMA), Polypropylene (PP), polyethylene terephthalate (PET) eta Nylon izenez agertzen dira sarri. 

ECHAk (Produktu Kimikoen Europako Agentziak) egindako murrizketa-proposamen batean oinarritu da Europar Batasuna legedia lantzeko orduan. Hala ere, ECHA erakundeak proposatutako mikroplastikoen definizioa mugatua da Beat The Microbead-en iritziz, eta zenbait hutsune ditu. Izan ere, 5 mm eta 100 nm arteko plastiko solido ez-biodegradagarriak kontsideratu dituzte soilik. 

Beraz, kosmetikoetan oso erabiliak diren beste plastiko eta polimero batzuk proposamenetik kanpo geratzen dira, hala nola nanoplastikoak (osagaiaren izenaren aurretik NANO agertzen da produktuen INCIan) eta  uretan disolbagarriak (Polyethylene glycol (PEG) eta polyacrylic acid (PAA) adibidez) eta disolbaezinak (Dimethicone esaterako) diren polimeroak.

Hortaz, Dimethicone (Polydimethylsiloxane edo Dimethylpolysiloxane bezala ere ezagunak) eta Carbomer, Kosmetikoetan eta zainketa-produktuetan aski ezagunak diren bi mikroplastiko-osagai hauek adibidez, ez ditu ECHAren murrizketa-proposamenak haintzat hartu. Eta mota guztietako kosmetikoetan erabiltzen dira: xanpuak, makilajeak, eguzkiko kremak… Produktu horietako asko gainera irentsi egiten ditugu, hala nola makilatzeko kosmetikoak edo hortzetako pasta eta zinez toxikoak dira.

MUXUk ondorioz garbi du mikroplastiko eta nanoplastikoek ingurumenari eta gure osasunari egiten dieten kalte ikaragarria, eta horregatik, kosmetikoen arloan gure erronka garbia da: gure MUXU Cosmetics dendan plastikorik gabeko eta denontzat osasuntsuak diren zainketa pertsonaleko kosmetiko-hautaketa eskaintzea eta sustatzea.

Eta honela, pausoz-pauso, bagoaz jasangarritasunaren bidean aurrera… Bat egingo al duzu gurekin?!