Gure ongizateaz eta aldi berean lurraren osasunaz kezkaturik gaudenontzat, kosmetika solidoa opari galanta da!! Dakizuenez, kosmetika solidoa, ur-oinarririk gabeko formulekin egiten den, gorputz-higieneko produktu solido bat da. Hainbeste propietate eta ontasun, formatu txikiko pastilla-formatuan izatea, izugarria da benetan 🙂

Guk denok halere, urteak daramatzagu bestelako kosmetikoak erabiltzen eta ohiturak aldatzea ez da erraza izaten. Egunerokoan egin beharreko higiene-errutinak desberdin egiteak, ahalegin bat suposatzen digu eta nagitasuna ere. Baditugu betebehar asko bestela ere eta gure higiene ohiturak berrikastea eta birpentsatzea pisutsua gerta dakiguke. Izan ere, badugu eguneroko kosmetiko-aukeraketa egina eta berriak probatzen hastea ez da lan erraza izaten…

Egia esan, guztiz normalak dira gogoeta guzti hauek denak, izan ere gure burua birprogramatzea ez da xamurra izaten 😉

Niri berdina pasa zitzaidan kosmetika solidoa erabiltzen hasi nintzenean ere. Egia esan, lan astuna iruditu zitzaidan hasera batean, eta plastikoa murrizteko “oso motibatua” nengoelako egiten ari nintzen ahalegina zela uste nuen. Dakizuenez, kosmetika-industriak 120.000 milioi bilgarri erabiltzen ditu urtero bere produktuetarako eta beraz, hondakin plastikoek ingurumenean duten eragina izugarria da. Eta hau izan zen, hain zuzen, nire aldaketaren arrazoi nagusia; ordurako erabiltzen nituen produktuak naturalak eta osasuntsuak baitziren. Aldaketa guztiz kontzientea izan zen…

Baina orain, horretan pentsatzen dudanean, irribarrea marrazten zait aurpegian. Nolatan izan nuen nik pentsamendu hori? Zergatik kostatu zitzaidan aldaketa? Zaila egin zitzaidala, benetan? Egia esan, orain ez dizkiet inongo zentzurik aurkitzen sentsazio guzti hauei, oso erraza egiten zait erabilera eta lehen kuttunak nituen produktuekin ez naiz ia gogoratu ere egiten…

Eta zergatik? Bada nire errutinan barneratu dudalako kosmetika kontzientea, besterik gabe! Kosmetika solidoa erabiltzen ikasi dut eta neurria hartu diot. Eta abantailak besterik ez dizkiot ikusten, egia esan… Gainera, aukera geroz eta zabalagoa dugu gertuko merkatuan, gure gorputzeko higienerako ezinbestekoak ditugun produktuak: xanpua, xaboia, egokitzailea, desodorantea, lurrina, hortzetako pasta, aurpegi edo gorputzeko krema…

Eta zuk, egin al duzu aldaketa?! Ezagutzen al dituzu kosmetika solidoaren abantaila anitzak?!

Hona hemen guk bildu ditugun batzuk…

  • Plastikozko ontzirik gabea
  • Zero-zabor
  • Ingurumenarekiko errespetua: Lurra zaintzen dugu
  • Natural edo ekologikoa bada, osagai osasuntsudunez egina: gure gorputzarekiko errespetuduna, biodegradagarria eta usain natural zoragarria
  • Urik gabea; aktiboen kontzentrazio handia eta urik ez duenez, kontserbatzeko behar diren osagai toxikorik gabea
  • Parabeno, sulfato eta silikonarik gabea
  • Tamaina txikikoa, erraz garraia daiteke
  • Iraupen luzekoa: behar dugun kopurua erabiltzen dugu soilik xaboialdi bakoitzean
  • Ur gutxi erabiltzen dugu uretan eragitean, beharrezko kosmetiko kopurua erabili dugulako soilik

Asko dira ezta?! “Eta ez al du inongo desabantailarik?” galdetuko diguzue…

Bada begira, erabileran kontseilu hauek jarraituz gero, ez dizkiozue eragozpenik ikusiko: egoera onean mantenduko dituzue zuen pastillak eta denbora luzez 🙂

Kontuan hartu beharreko jarraibideak hauek dira:

  • Erabili bitartean eta ondoren, dutxako edo uretako hezetasunetik urrun utzi behar ditugu lehortzen, idealki, zulotxodun xaboi-ontzi baten gainean
  • Oso garrantzitsua da, halaber, ura iristen ez den leku batean gordetzea lehortzen direnean; erabiltzen ez ditugunean bigundu edo desdegin ez daitezen

Hau da guztia! Xaboi-pastillak egoera onean mantenduko dituzu eta gertu hurrengo erabilerarako.

Prest al zaude zu ere aldaketa egiteko?! Kosmetika kontzienteki aukeratu nahi al duzu?

Eta badakizue, edozein argibide edo iradokizun egiteko, hemen gaituzue :))

(Idatzi iezaguzue helbide honetara: leire@muxucosmetics.com)